1985eko martxoaren batean, Kooperatiben Talde Kontseilua eratu zen, Mondragon Corporacion Cooperativa, egungo MONDRAGON korporazioaren hazi edo enbrioi historikoa alegia.
Banaketa Sistemak finantzaturiko prestazioek berebiziko igoera izan zuten aurreko urteekin alderatuz gero. Azpimarratzekoa da osasun prestazioen kasua, urtean 6 milioi euro (1.000 milioi pezeta) baino gehiagoko kontsumoa izan baitzuen. Azken bost urteetan, Debako Taldeak egindako zenbakizko kontrolez ekipaturiko makinak % 5etik % 40ra pasa ziren. Agerikoa zen makinaerremintaren alorrean elektronikarik gabeko makinen salmenten beherakada. Egokitu behar horretan datza alor honek garaian bizi izan zuen krisiaren arrazoietako bat. Barrenetxek jada 800.000 m2 zituen tuneletan. Horietatik 50.000 Markina ingurukoak ziren. Urssa, bestalde, 170 tonako bi zubi garabiren euskarri egitura eraikitzen hasi zen Hidroelectrica Españolarentzat. Eroskik 180 milioi eurotik (30.000 milioi pezeta) gorako salmentak izan zituen, aurreko ekitaldiarekin alderatuz gero, % 14ko hazkundea beraz.