“Etorkizun hurbila latza eta gogorra izango da eta gure indarra bidea elkarrekin egiteko borondatean datza, hau da, Taldea osatzean, bakoitzaren interesak guztien interesetara egokitzeak eskatzen duen guztiarekin”. Euskadiko Kutxaren Urteko Txostenaren hitzaurrean idatzi ziren hitzak dira; esan beharra dago ekitaldi horretan Euskadiko Kutxak sukurtsal berriak inauguratu zituela Donostian, Gasteizen, Pasai Antxon, Erandion eta Santutxun.
Ekonomian laino beltzak izan arren eta krisiaren larrian, 1977an Taldeak gorakada handia izan zuen: aurreko ekitaldiarekin alderatuz gero, salmentak % 37 hazi ziren eta 198 milioi euro (32.943 milioi pezeta) fakturatu ziren. Gipuzkoako Latz, Kendu eta Dikar kooperatibak eta Gasteizko Aurrenak enpresa taldean sartu ziren. Adierazgarria denez, esan beharra dago 1963tik 1977ra bitartean bizitzaren kostua urtero % 9,56 hazi zela eta gure urrerakinak, batez beste, urteko % 15,49 gehitu ziren. Beraz, aurrerakinak 5,93 puntu handiagoak izan ziren urtez urte, eta horrek hamalau urteren buruan eros ahalmena bikoiztea eragin zuen.