Kooperatiben artean elkarri laguntzeko mugimendua sendotzen zihoan eta urte honetan Esperientziaren egitura nagusi bat gorpuztu zen: Leintz Bailarako kooperatibak biltzen zituen Ularco kooperatiba saila sortu zen. Hazi horretatik garatuko da Grupo Cooperativo Mondragón eta horren ondoren Mondragón Corporacion Cooperativa, egungo MONDRAGON korporazioa.
Hain urruti ikusten dugun 1964. urte hartan, bitartekoak eguneratzea hizpide genuen: “gure helburu eta plan kooperatiboak babestuko dituzten erakundeak garatu behar ditugu, hau da, gure ikuspegi sozial eta ekonomikoarekin bat etorriko diren erakundeak. Kooperatiba mugimendua fenomeno iragankorra izango da gizarte osoan zabaltzen eta garatzen ez bada”.
Jada mila ikasle ziren Lanbide Eskola Politeknikoan. Urte honetan Irizar eta Miba kooperatibak taldean sartu ziren.