1956

1956ko apirilaren hamalaua zen, arrasatear askok isilean eta kontu handiz Bigarren Errepublikaren hogeita bosgarren urteurrena ospatzen zuten On Jose Maria Arizmendiarrietak Ulgorreko lehen harria bedeinkatzen zuenean. Izena bera, sortzaileen abizenen lehen hizkiekin osatu zen: Luis Usatorre, Jesus Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, Jose Maria Ormaetxea eta Jabier Ortubai.
Hitzaurrean Jesus Larrañagak gogoratzen digun legez, ia hiru urte itxoin behar izan zuten Talleres Ulgorren lehen estatutuak onartuak izan arte, hain zuzen 1959ko maiatzera arte.
Egun hartan, Laxarteko lursailera joateko On Jose Maria eta Ormaetxea oinez abiatu ziren egun Mondragon Eskola Politeknikoa bilakatu den Lanbide Eskolaren erakin zaharretik. Erositako orubea 27 € zentimo (45 pezeta) metro karratuko ordaindu zuten. Ormaetxeak lursaila pausoka neurtu zuen. Bedeinkapena egin eta hamabost egun geroago MONDRAGON Ereduaren lehen produkzio plantaren eraikitze lanak hasi ziren: 750 metro karratuko hormigoizko pabilioia, bi solairutan banatua.