IKUSI GURE HISTORIA OSOA

Toda la historia

1986
01/09/1986

1986

1986

Urteko lehen egunarekin batera Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zen. 1962an hasitako negoziazioen amaiera izan zen.
Kooperatiben Talde Kontseiluaren egikera edo operatiba sendotu ahala, oinarrizko printzipioak argituz eta eguneratuz joan dira; hala nola, lanaren eta kapitalaren ordainketa. Eta horrekin batera kooperatiben arteko elkartasunerako bide berriak sortu dira eta langabeziaren arazoari aurre egiteko neurriak diseinatu dira. Une honetan ordainsarien indizea 1 eta 4,5 artean ezarria zegoen arren, praktikan 30 urtetan ordainsarien indizea 1etik 3ra bitartean egon zen. Urte honetan, Peter Cookek honela arrazoitu zituen MONDRAGON Esperientziaren arrakastaren gakoak: – Arrasate inguruan industri tradizio handia izatea.– Gazte idealisten taldea izatea.– Deba Garaian benetako ardura soziala izatea.– Etengabeko hazkunde ekonomikoa bizi izatea bi hamarkadatan.– Prozesua bideratzeko Jose Maria Arizmendiarrietaren eragina.

1987
01/09/1987

1987

1987

Mondragon Kooperatiba Taldearen I. Kongresua egin zen eta bertan MONDRAGON Esperientzia Kooperatiboaren Oinarrizko Printzipioak zehaztu eta onartu eta Kooperatiben arteko Elkartasun Fondoa sortzeko araudia onetsi ziren. Fondo horren finantziazioa kooperatiben eta lanpostu kooperatiboen garapena eragitera zuzentzen da.
Ekitaldi honetan zehar 748 lanpostu berri sortu ziren eta, hortaz, plantilla 18.262 lan bazkide izatera heldu zen. Azpimarratu behar da igoera hori produktibitatea kaltetu gabe gertatu izana, produktibitateak % 4ko hazkundea izan baitzuen. Salmenta osoak 1.082 milioi euro (180.000 milioi pezeta) ingurukoak izan ziren, zifra absolutuetan, eta esportazioek % 8,8ko hazkundea izan zuten, eta 213,96 milioi eurora (35.660 milioi pezeta) iritsi ziren.
Eroskik Bilbon, Gasteizen, Leioan eta Urduñan zabaldu zituen bost zentro gehitu zizkion bere sareari, eta horri atxiki behar zaizkio Eroslen elkartuta
zeuden 176 dendak. Kooperatiba horrek urtean zehar informazio lan handia egin zuen Eroski eta Eroskide aldizkariaren bidez.

1988
01/09/1988

1988

1988

Korporazioko kooperatiben salmentek beste mugarri bat ezarri zuten, 200.000 milioi pezetaren muga, 1.200 milioi euroren muga gainditu zuten. Halaber, esportazioek beste zifra borobila erdietsi zuten: 240 milioi euro (40.000 milioi pezeta). Era berean, esan behar da Ikerlan punta-puntako teknologia izatea eskatzen zuten nazioarteko hainbat proiektutan zegoela sartuta, Comet, Sprint eta Esprit programa komunitarioetan hain zuzen ere.Ideko Ikerketa eta Garapen Zentroa sortu zen, informatika bitartekorik aurreratuenekin eta 1,6 milioi euro (270 milioi pezeta) inbertituz. Fagorreko Batzar Nagusiak Fabrelec –egun Edesa– elkartzea onartu zuen. Danobatek eta Soralucek makina erremintaren sektorean izandako eskaerarik handiena lortu zuten elkarrekin. Izan ere, Txekoslovakiako Agrocet enpresarentzat 80 metro luze zen eta 9,38 milioi euro balio zuen fabrikazio linea ekoiztu zuten. Era berean, OnaPres kooperatibak ekialdeko Alemaniara 960.000 euro balio zuten bi prentsa hidrauliko saldu zituen. Orklik etxeko tresna elektriko txikien sektoreari eta banaketa makina industrialen fabrikatzaileei zuzenduriko elektrobalbulen produkzioari ekin zion.

1989
01/09/1989

1989

1989

Arantzelak poliki-poliki desagertu eta Merkatu Bakarraren eraketa erronka handia zen gure kooperatibentzat, arau berriek eskatzen zituzten dimentsio eta teknologiara egokitu behar baitzuten.
Lagun Aroren Batzar Nagusiak ezkontza saria kendu zuen; kooperatiben prestaziorik tradizionalenetakoa zen hau emakumeei ezkontzen zirenean ematen zitzaien. Emakumearen rol berria zela eta, prestazio historiko hori zaharkituta eta lekuz kanpo geratu zen. Fabrelec, egun Edesa, Fagorren sartu zen eta horrek Fagorren ekoizpen eta eta komertzio ahalmena sendotu zuen.Horrela bada, etxeko tresna elektrikoen arloko salmentak 313, 85 milioi eurora iritsi ziren eta horietatik 96,71 milioi euro Fabrelecen bidez gauzatu ziren. Eroskik bere banaketa sarean hipermerkatu berri bat gehitu zuen Berangon (Bizkaia), supermerkatu bat Arrasaten, hiri baitako supermerkatu bat Basaurin, etxeko tresna elektrikoetan espezializaturiko bi denda –Bilbon eta Legazpin– eta bidai agentzia bat, Algortan.

1990
01/09/1990

1990

1990

MONDRAGON Korporazioaren aktiboak 3.966,68 milioi euro (660.000 milioi pezeta) ingurukoak ziren eta Baliabide Propioek 1.200 milioi euroren muga erdietsi zuten. Lagun Arok abenduaren 31n 19.967 bazkideri eta 46.616 familia onuraduni ematen zizkien asistentzia eta aurreikuspena.
Fagor Arrasatek historiakoeskaerarik handiena lortu zuen makina-erremintaren sektorean. 20 milioi euroko eskaria zen eta Volkswagen Seat enpresarentzat estanpazio automatizatuko lau sistema ekoiztu behar zituen. Kontseilu Errektoreek Victorio Luzuriaga erosteko proposamena onetsi ondoren, Fagor Ederlan eta Fagor Taldearen Batzar Nagusien esanera jarri zen, behin betiko onetsi zezaten. Soraluce kooperatibak kontratua sinatu zuen ITPrekin, hegazkin turbo propultsatuetarako motor piezak mekanizatzeko sistema malgua fabrikatzeko. ITPk industria aeronautikoan duen ezagutza eta Soralucek sistema malguetarako mekanizazioan duen ezagutza elkarrekin jarri zituzten.

1991
01/09/1991

1991

1991

Urte honetan Kooperatiben III. Kongresua egin zen. Biltzar honetan, MCCren Antolamendu Proiektua eta Lana Ordaintzeko Politikari buruzko Oinarrizko Araua onetsi ziren. General Motorsek MONDRAGON Europako urteko korporazio izendatu zuen, Kalitatea-Zerbitzua-Prezioa atalean. Urte honetan, hain zuen ere, LKS kooperatiba eratu zen, Euskadiko Kutxaren Enpresa Dibisioari jarraipena emateko. Irizar kooperatibak autobus eredu berria aurkeztu zuen, Century modeloa. Hori diseinatzerakoan kontuan hartu ziren erosotasuna, segurtasuna eta ekonomia. Azken horretan, beste kontzeptu batzuekin batera, erregaien kontsumoa gutxitzea izan zen helburu.
Orona eta Urssa eraikuntza alorreko kooperatibek Sevillako Expo 92 nazioarteko erakusketako eraikuntza nagusietan eta Bartzelonako Olinpiadetako kirol instalakuntza nagusietan parte hartu zuten. Fagor Sevillako Erakusketa Unibertsaleko hornitzaile ofiziala hautatu zuten. Horrela bada, Expo 92 hiriko etxebizitzak, Espainiako pabiloia eta hainbat pabilioi autonomikoetako ostalaritza

1992
01/09/1992

1992

1992

Ekitaldi zaila izan zen urte honetakoa; izan ere, Inbertsio Ondasunen sektorearekin loturiko enpresen egoera kaskarrari, Kontsumo eta Zerbitzu Ondasunen eskariak behera egitea gehitu zitzaion. Dena delarik, egoera horretan ere Korporazioko kooperatibek lanpostuen kopurua igo egin zuten eta 1992ko amaiera aldean Euskal Autonomia…
Erkidegoan sorturiko aberastasunaren 25 euro bakoitzeko euro bat MONDRAGON kooperatibek garaturiko jardueretatik zetorren. ESA, Europar Agentzia Espazialak, Coprecik fabrikatzen dituen sentsoreak aukeratu zituen Ariane 5 koheteari aplikatzeko. Fagor Automationek Teknologia Berrikuntzari zuzenduriko Urrezko Domina jaso zuen, orduko Txekoslovakiako –egun Txekiar Errepublika– Brnoko Ingeniaritza eta Makina-Erremintaren Nazioarteko Azokaren Antolamendu Batzordearen eskutik. Banaketa Taldearen salmentek % 26ko igoera izan zuten. Aipatzekoa da, halaber, Valentziako Consum kooperatiba MCCn sartu izana. T.U. Lankide aldizkariak egindako elkarrizketa batean, Iñaki Lopez de Arriortuak MONDRAGON Esperientzia Kooperatiboarekiko lilura azaldu zuen.

1993
01/09/1993

1993

1993

Urtea oso negatiboa izan zen ekonomiarentzat, batez ere industriarentzat. Baina hori horrela izanda ere, Korporazioak portaera ona izan zuen, izan ere
Industria Taldearen eta Banaketa Taldearen salmentak elkartuta 2.549,70 milioi euro eta esportazioak 371,47 milioi euro izan ziren.
MONDRAGON kooperatibek Euskal Autonomia Erkidegoko industri enpleguaren % 7 eragiten zuten eta, Gipuzkoan sorturikoa kontuan izanda, eragina % 15etik gorakoa zen. Beraz, lurralde honetako industri sektoreko zazpi langileetako bat MCCkoa zen. Ikerlan Eureka proiektu berrian partaide zen. Orbea kooperatibak, bestalde, Euskadi Txirrindularitza Elkartea lasterketetarako txirringaz eta bestelako materialez hornitu zuen. Lagun Aroren eta Osakidetzaren artean lankidetzarako hitzarmena sinatu zen; horretan oinarrituta, Lagun Aroko mutualistek osasun sare publikoan artatuak izateko aukera eta eskubidea izango dute. Barakaldoko Max Center ireki zen eta, horrenbestez, merkataritza eta higiezinen egitasmo honen lehenengo ezarpena egin zen.

1994
01/09/1994

1994

1994

Urte honetako uztailean egin zen Kooperatiben V. Kongresua, eta Kooperatiben Sozietate Egiturari buruzko Oinarrizko Araua onetsi zen. Euskadiko Kutxaren Plan Estrategiko berriak MCCren korporazio eredua bultzatzea eta kooperatiben finantza hornitzaileak dibertsifikatzeko politika eta zerbitzuen kalitatea hobetzea jasotzen zituen.
Irizarren Century autobusa Britainia Handiko errepideetan barrena zebilen; ekoizleak inbertsio handiak egin behar izan zituen ibilgailuak Erresuma Batuan eta Irlandan ezkerretik gidatzeko indarrean dauden arauetara egokitzeko.
Fagor Arrasateren gaitasun logistikoa proban jarri zen, General Electric etxearentzat egin zuen hozkailuen ateak fabrikatzeko linea automatizatua hegazkinez Amerikako Estatu Batuetara bidali behar izan zuenean.50 tona pisatzen zuen lineak.

1995
01/09/1995

1995

1995

Korporazioko kooperatibetan 1.960 lanpostu berri sortu izana da ekitaldiaren lorpenik handienetakoa. Bestalde, ekitaldi honetan Ekipo Ondasunen sektorearen salmentek izugarrizko hazkundea izan zuten: Danobat kooperatibak 18 milioi euro balio zuten makina-erremintak egin zizkien Txinako Errepublika Popularreko Meizhov eta Norincori. Fagor Arrasatek, bestalde, Txinako Jianghui enpresari espainiar estatuan inoiz egin zen prentsa mekanikorik handiena egin zion. Termoplastikoekin fabrikaturiko produktuak ikertu eta garatzera zuzentzen den MTC enpresa sortzea aurrerapausoa izan zen kooperatiben ahalmen teknologikoa sendotzera zuzenduriko politika finkatzeko. Irizar kooperatibak Principe Felipe saria jaso zuen diseinuaren atalean, eta Espainiako urteko autobusaren saria. Urssa, eraikuntza alorreko kooperatibak Frank Gehry arkitektoak diseinatutako Guggenheim Bilbao eraikinaren egitura metalikoa egin zuen eta Bilboko Metroaren obretan parte hartu zuen. Fagor Electrodomesticosek, bestalde, hozkailuen ekoizpenerako planta zabaldu zuen Mohamedian, Marokon.

1996
01/09/1996

1996

1996

Hogei urte Arizmendiarrieta zendu zela eta berrogei MONDRAGON Esperientzia Kooperatiboa abian jarri zenetik. “On Jose Mariari eskain diezaiokegun omenaldirik onena Taldea egitea da” zioen T.U. Lankide aldizkarian argitaratu zen artikulu batek; pentsamendu hori indarrean dago eta ez du esanahirik galdu.
Kooperatiba taldearen garapenean eragin handia izan du gauzatu den inbertsioen politikak. Inbertsio kuantitatibo eta kualitatibo handiak egin dira eta horrekin bat etorri da enpleguaren hazkundea: urte amaieran 30.000 lanpostuen muga gainditu zen. Finantza Taldeari lotutako aseguru eta leasing jarduerek alor honen heldutasuna erakusten duen beste mugarri bat ezarri zuten, eta bi negozioek 6 milioi euroko emaitza bateratua lortu zuten, egindako aurreikuspenak gaindituz. Urssa kooperatiba lan handietan sartua zen, Bilbon Guggenheim Bilbao eraikinaren metalezko egitura erraldoia egiten ari zen, Kataluniako Baix Llobregat eskualdean bi zubibide eraikitzen ari zen eta Txinan Luo Huang-eko zentral termikorako 7,8 milioi euro balio izan zuen metalezko egitura hornitu zuen.

1997
01/09/1997

1997

1997

Ulgor lehen kooperatiba sortu zela urteak betetzen ziren egunean, apirilaren 14an, MCCren zerbitzaria sortu zen Interneten. Gune horrek informazio zabala eskaintzen zion bisitariari Korporazioari buruz zein MONDRAGON Esperientzia Kooperatiboari buruz (www.mcc.es).
MCC Desarrollo sortu zen. Talde garapenerako plataforma Eusko Jaurlaritzak eta MONDRAGON korporazioak osatzen dute eta industria alorreko egitasmo kooperatiboak garatzea du helburu, hauek bultzatzeko finantziazioa jarriz eta hasierako kapitalean parte hartuz. Fagor Electrodomesticos hartzen duen Etxetresnen Dibisioak beste zifra borobil bat lortu zuen: 100.000 milioi pezeta (600 milioi euro) gauzatu zituen urtean salmentetan. Kantabriako Enyca enpresa, telekomunikazioetan espezializatua, Korporazioan sartu zen. Fagor Ederlanek bere produkzio gaitasuna hobetu zuen, horretarako aluminio injekziorako 1.800 tonako eta 2.500 tonako zelulak abian jarriz. Fagor Automation kooperatibak nazioarteko presentzia garatu zuen, filialak zabalduz Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Portugalen, Suitzan eta Korean.

1998
01/09/1998

1998

1998

Urte honetan, MONDRAGON kooperatibek Euskadiko enpleguaren % 3,1, Barne Produktu Gordinaren % 4,5 eta esportazioen % 9,3 eragin zuten. Beste era batera esanda, euskal ekonomiaren aberastasunean sortzen zen 100 euro bakoitzeko 4,5 euro Korporazioko enpresen jarduerek eragiten zituzten.
Bizkaitik enpresa berri bat sartu zen taldean: Consonni, Osagaien Dibisioan; eta Gipuzkoatik etxeko galdara indibidualen fabrikatzailea den Domusa. Halaber, taldean sartu zen Kataluniako Ecotècnia kooperatiba, aerosorgailuak edo haize errotak produzitzen dituen enpresa.1998. urtea bikaina izan zen Irizar kooperatibarentzat, Ormaiztegin lantegi berria ireki zuen eta salmentak % 52 gehitu. Danobat Taldeak ere antzeko hazkundea izan zuen eta ordu arteko bere historiako ekitaldirik onena burutu zuen. Horren lekuko, lehen makina saldu zuen Japoniako aeronautikaren sektorera. Urte honetan, Mondragon Unibertsitateak bere lehen ikasturtea burutu zuen. 1997an sortua hiru hezkuntza kooperatibaren elkartzetik Mondragon Goi Eskola Politeknikoa Jose Mª Arizmendiarrieta S.Coop., ETEO S. Coop. …

1999
01/09/1999

1999

1999

1999. urtea MCCko kooperatibek garapenari eman dioten garrantziaren adibide garbia izan zen, urtean guztira 523 milioi euro bideratu baitzituzten inbertsioetara. Euskadiko Kutxak bilioiaren zifra mitikoa gainditu zuen: bilioi bat pezeta, hau da, 6.000 milioi euro bitartekatutako baliabideetan, eta % 12ko hazkundea izan zuen negozioan.
MCCren salmenta osoak ere gainditu egin zuen bilioiaren muga, 6.273,92 milioi euro (1.043.893 milioi pezeta) salmentetan. Eta zifra horretan zeresan handia izan zuten kanpoko salmentek, nahiz urtea nazioarteko merkatuen atoniarekin hasi. Urte honetan, Fagor Electrodomesticos kooperatibak eta MCC Inversionesek Poloniako Wrozamet elektrotresnen ekoizlea erosi zuten. Halaber, aipagarriak dira kanpoko lantegi berriak: Batzek Brasilen, Cikautxok Txekiar Errepublikan, Maierrek Britainia Handian eta Irizarrek Mexikon zabaldu zituzten. Euskalit Kalitaterako Euskal Fundazioak Urrezko Q saria eman zion Irizar kooperatibari eta Coprecik eta Fagor Electronicak Zilarrezko Q saria eskuratu zuten.

2000
22/05/2000

2000

2000

Mende berriko lehen urtean, MONDRAGON taldeak 54.000 langile zituen, Euskadiko Kutxak kudeatutako errekurtsoak 7.037,86 milioi eurokoak ziren eta taldearen salmentak 7.043, 86 milioi eurokoak izan ziren. Aipatzeko modukoa da industri alorreko salmenten ia erdia nazioartean gauzatu izana; 1966. urtean lehen esportazioekin zabaldu zen nazioartean saltzeko bidea industri salmenta osoen % 49 izateraino iritsia zen jada. Irizar kooperatibak EFQM Enpresa Bikaintasunaren Europar Saria jaso zuen. Era honetara burutu zuen Ormaiztegiko kooperatibak arrakastaz beteriko bederatzi urteko zikloa. Turkiako Bamesa enpresak txapa ebaki eta prozesatzeko linea ekoizteko eta Bamesa Celik lantegian instalatzeko kontratua Fagor Arrasateri eman zion. Elkar kooperatibak lantegi berria zabaldu zuen Larrondon (Bizkaia). Fagor Ederlanek Aragoiko Borja herrian lantegi berri bat ireki zuen, ibilgailuen suspentsioko elementuak fabrikatzeko. Hedapena eta elkarlana zabaltzeko plangintzaren barruan, MCCk, Gureak-ek eta ONCEk Enplegu Zentro Berezia ireki zuten Guadalajaran (Gaztela-Mantxa)

2001
01/09/2001

2001

2001

Industri alorrak motelaldia ezagutu zuen, eta horren lekuko da Espainian arloak % 1,2ko jaitsiera pairatu zuela, MONDRAGON korporazioko Industria arloak % 0,1eko hazkunde izan zuen, eta enplegu kooperatiboak aurrera egin zuen: 740 langile kooperatibako bazkide egin ziren.
Inbertsioek errekorra ezarri zuten: 872 milioi euro inbertitu ziren ekoizpen gaitasuna areagotzeko, nazioarte hedapenean jarraitzeko eta teknologia berriekin zerikusia duten eremuetan Korporazioaren presentzia areagotzeko. Nazioartekotzetan, Copreci Italian sartu zen Rampgas erosita, Maier Britainia Handian Chromeco bitartez, Eika Txekiar Errepublikan, Irizar, Coinma eta Danona Indian eta Copreci, Cicautxo eta Fagor Ederlan Brasilen.
Euskadiko Kutxak bere hedapen planarekin jarraitu zuen: 26 bulego berri ireki zituen, gehienak Gaztela eta Leonen eta Aragoin eta, horiekin, guztira hirurehun sukurtsalera iritsi ziren.

2002
01/09/2002

2002

2002

Urtea hastearekin batera, indarrean sartu zen Europako moneta berria, Euroa. Dibisa berriak orduko eurogunea osatzen zuten 12 estatuetako txanponei txanda hartu zien. MONDRAGON eredua garatzen hasi zeneko dirua, pezeta, historia zen.
Euroak bere izena 1995eko abenduaren 16an hartu zuen, eta 1999ko lehen egunetik aurrera munduko merkatuetan erabili zen kontabilitate dibisa moduan, ECUa (European Concurrency Unit) ordezkatuz. Euroaren billete eta txanponak 2002ko urtarrilaren 1ean jarri ziren indarrean. Ez ahazteko, eta erreferentzi moduan, pezetaren truke balioa euro bakoitzeko 166,386 pezetan geratu zen. Abendu bukaeran Lagun Aroko mutualisten kolektiboa 27.202 pertsonara iritsi zen, 116 kooperatibaren artean banatuta, 1.252 pertsonako urtez urteko igoera garbiarekin. Urte horretan 48,4 milioi euro ordaindu ziren Erretiro, Alarguntza edo Ezintasun kontzeptuengatik, eta urte amaieran 6.167 pertsona ziren pentsiodun. Prestazio horiek guztiak Ondare Fondo baten bidez bermatu ziren, eta hura urtearen amaieran 2.549 milioi eurokoa zen.

2003
01/09/2003

2003

2003

Euroak dolarrarekiko izandako balore hartze handiak eragina izan zuen MONDRAGONen nazioarteko salmentetan, eta pixka bat jaitsi ziren. 2.155 miloi euro egin ziren esportazioetan eta kanpoko filialen salmentetan.
Euskadiko Kutxak bezero-enpresa Gestio Ereduaren ezarpenean aurrera egin zuen, eta segmentu horren zerbitzua hobetzeko hiru bulego misto zabaldu zituen; horrela, guztira, jada 336 bulego ditu eta 1.039.000 bezero. Lagun Arok, bere aldetik, 28.204 mutualista ditu, onuradunak 52.835 eta 6.523 pentsionista.
Eroski Taldeak bere hazkundeari eutsi dio, establezimendu berriak irekiz, eta horien artean aipatzekoa da Gasteizko Boulevard merkataritza gunean kokatutakoa. Mercat eskuratzeko finantzaketa Eroski Finantza Ekarpenen bigarren jaulkipenaren bidez lortu zen, eta 70 milioi euro bideratu ziren fondo horien bidez. Banaketa alorrean, Consum kooperatiba valentziarraren irteera gauzatu zen.

2004
22/05/2004

2004

2004

Abenduaren bederatzian Juan Carlos eta Sofia Espainiako errege-erreginek bisita egin zuten MONDRAGON kooperatibetara. Harrera egin zieten Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek, MONDRAGON Taldeko Kontseilu Orokorreko presidente Jesus Cataniak eta beste agintariek. Garaia Berrikuntza Gunearen lehen harria jartzeko protokolo ekitaldia egin zen eta ondoren Garagartzan, Arrasaten bertan, Fagor Electrodomesticos enpresaren instalazio berriak inauguratu zituzten. Martxoaren 26an, Fagor Electrodomesticosen Batzar Nagusiak, bazkideen % 83ren –2.045 bazkide– aldeko botoarekin, Brandt enpresa frantsesa erostea onartu zuen. Fagorren antzeko neurriko enpresa da, eta aurrera begirako apustua. Fagor Arrasatek prentsa, ekoizpen sistema eta ekoizpen ingeniaritzako fabrikatzaileak, 13 milioi euroko eskaria lortu zuen MB Ciganotto argentinar enpresarako. Becker eroale elektrikoen ekoizle gipuzkoarra eta Loramendi gasteiztarra kooperatiba bihurtu dira, eta beste zazpi kooperatiba ere sartu dira. Eusko Jaurlaritzaren erabaki baten ondorioz, eten egin zen Lagun Arok Arrasaten eskaintzen zuen osasun artapena. Fagor Industrial eta Fagor Minidomesticos enpresek Urrezko Q eskuratu zuten.
2004ko maiatzaren 7 an Esperientzia Kooperatioaren bost fundatzaileetakoa zen Jesús Larrañaga hil zen; argazkian hirugarrenaeskubitik, Fagor Electronicako inaugurazio ekitaldian.

2005
01/09/2005

2005

2005

MONDRAGONentzat ekitaldi bereziki ona izan zen. Langile taldean 7.500 lagun gehiago sartu ziren, eta % 13tik gorako igoera izan zen salmentetan. Inbertsioek 866 milioi euroko zenbatekoa erdietsi zuten; inbertsio gehienak industri arloan egin ziren.
Lagun Aro mutualisten taldeak 29.538 kide zituen, 120 kooperatibatan banatuta; urtean 299 laguneko gehikuntza garbia izan zuen, beraz. Mutualisten talde horretan, 7.303 pentsiodun daude, aurreko urtearen itxieran baino 419 gehiago, hain zuzen. 298 milioi euroko inbertsio ahaleginari esker, Banaketa taldeak 140 gune berri zabaldu zituen; besteak beste, bost hipermerkatu, zazpi gasolina zerbitzugune, Eroski Bidaiak agentziaren 49 bulego, aisia eta kiroletako zortzi denda, eta 49 lurrin denda. Produktuen eta prozesuen gestioaren kalitatea hobetzen jarraitu dugu. Dagoeneko, ingurumen kalitateko 108 ISO-9000 egiaztagiri eskuratu ditugu, eta 42 ISO-14000 egiaztagiri. EFQM ebaluazioetan ere hobera egin dugu. Konfort arloko negozioari esker, Fagor Electrodomesticos enpresari Euskaliten Zilarrezko Q eman diote.

2006
01/09/2006

2006

2006

MONDRAGONentzat oro har eta Fagorrentzat bereziki urte berezia izan zen, 50 urte baitziren Ulgor sortu zela. Hori izan zen Korporazioaren enbrioi industriala eta Kooperatiba Esperientziaren abiapuntua. Mende erdi geroago munduan erreferentzia zen. Eta hori urte bikain batean, emaitzei dagokienez.
Merkatuen bilakaera onak finantza aktibitatearen hazkundea ekarri zuen. Euskadiko Kutxak zergak kendu aurretik % 17,1eko hazkundea izan zuen emaitzetan, eta bitartekaritza fondoetan hazkundea % 11,8koa izan zen, eta bezeroei emandako maileguetan egindako inbertsioa % 23,2 gehitu zen. Eroskiren salmenta osoak 6.514 milioi eurora iritsi ziren eta 100 saltoki berri, 86.000 metro karratu, gehitu zituen. MONDRAGON Korporazioaren nazioartekotzea nabaria da. Kontsumo Ondasunen alorreko fakturazioaren % 63 (1.204 milioi euro) nazioartean gauzatu zen, Ekipo Ondasunen alorrean % 20 hazi zen fakturazioa eta horren % 60 (1.626 milioi €) nazioartean egin zen.

2007
01/09/2007

2007

2007

Krisi ekonomikoaren lehen zantzuak sumatzen ziren eta urteak bi aurpegi erakutsi zituen. Lehen sei hilabetean hazkunde ekonomikoa zen nagusi eta bigarren sei hilabetean eskariaren jaitsiera nabaritu zen. Testuinguru ekonomiko horretan, MONDRAGONen salmentak % 12 hazi ziren.
Banaketa Arloarentzat Caprabo erosi zen urtea izan zen. Integrazio horrekin Eroskiren salmentak % 30 gehitu ziren eta 2,5 milioi bezero berri eskuratu zituen, Katalunian bereziki. Hedapen horretan zeresana izan zuten, halaber, irekiera berriek, aurreko urteko baino % 53 gehiago izan baitziren.
Finantza Arloan, Euskadiko Kutxaren negozio bolumenak hazten jarraitu zuen, % 8,7 emendatu ziren fondo propioak, eta bezeroen berehalako guztizko baliabideek % 8,8ko hedapena izan zuten, eta bezeroen kreditu inbertsioa % 15,5 hazi zen. Lagun Aro EPSVri dagokionez, zifra marka berriak lortu zirela azpimarratu behar da, nola mutualisten kopuruari dagokionez (30.476), hala pentsiodunen kopuruari dagokionez (8.176).

2008
01/09/2008

2008

2008

Urte zaila eta korapilatsua izan zen MONDRAGON kooperatibentzat. Munduan nazioarte mailako krisi ekonomikoa bizi zen eta horri aurre egin behar izan zitzaion, izaera kooperatiboan sakonduz, elkartasunean eta bazkideen esfortzuan oinarrituta. Eta krisiari aurre egiteko berrikuntza eta nazioartekotzea izan ziren gakoak.
Eroskirentzat kooperatibizazioaren urtea izan da 2008ko ekitaldia. Ezohiko Batzarrean onartu zen eta, horrela, datozen urteetan eta modu mailakatuan, Eroski Taldeko kide diren sozietate anonimoek eta partaidetuek beren enpresa eredua aldatu eta kooperatiba bihurtuko dira, eta langileak soldatapekoak izatetik kooperatiba bazkide izatera pasatuko dira. Euskadiko Kutxaren finantza jarduerak ere antzeman zuen okerrera egindako egoera; hala ere, urtea ondo bukatu zuen. MONDRAGONek nazioartekotzeko ahalegina areagotu zuen, ezarpen berriak eginez, hori baita bertako enplegua ziurtatzeko bide bakarra. Atzerrian 8 ekoizpen planta berri jarri ziren abian, eta horrela 73 ziren jada lanean. Industria Arloaren salmentak 6.283 milioi eurokoak izan ziren, eta % 58,2 (3.656 milioi €) nazioartean gauzatu ziren; horien jaitsiera txikiagoa izan zen (% -2,2koa 2007arekiko).

2009
01/09/2009

2009

2009

Urtea krisiari aurre egiteko hartu behar izan diren doitze neurri estrukturalak eta estrategikoak karakterizatu zuten. Xedea krisitik sendotuta irtetea izanda, kooperatiben lehiakortasuna hobetzera zuzendu dira neurriak, benetan zaila eta gogorra izan den urtean.
Krisi ekonomiko hau, lehenagoko batzuk ez bezala, guztiz berria gertatu zaie hainbat kooperatiba kideri. Horietako asko azken 10-12 urteetan hasiak dira MONDRAGONen eta ez dute ezagutu inoiz krisirik eta, beraz, bizipen guztiz berria gertatu zaie. Urte amaieran, Lagun Aron 30.757 mutualista ziren, urtebete lehenago baino 636 lagun gutxiago.
Euskadiko Kutxak berrogeita hamar urte bete zituen. 1959. urtean sortua, bere mende erdiko urteko ekitaldia neurrikoa izan du, eta bere aktiboak 21.210 milioi eurora iritsi ziren, urtean 405 milioi emendatuz. Industria Arloan demandaren ahultzea gertatu zen, bereziki eraikuntzan, ekipo ondasunetan, eta luzerako kontsumoko ondasunetan.

2010
01/09/2010

2010

2010

MONDRAGON Korporazioak irabaziekin amaitu zuen urtea; 178 milioi euro, krisi sakonaren aurreko urtean baino hiru aldiz gehiago. Industriako enplegua emendatu egin zen, langile kopurua, urteko batez bestekoa eginda, 1.378 lanpostutan gehitu zen. Salmentak % 1,2 emendatu ziren, 13.989 eurora iritsiz.
Aurreko urtean hasita hartu ziren neurrien eragina ona izan zen negozioen lehiakortasunean. Kooperatiba taldearen aniztasunak eta bereziki nazioarteko merkatuetan gero eta hedatuagoa izateak eta berrikuntzen eta horien aplikazioen alde emandako pausoek ere zeresan handia izan dute bilakaeran. Horren erakusle: arlo industrialeko salmenten % 21,4 bost urte lehenago ez ziren produktu eta zerbitzu berrietan gauzatu da. Industria Arloak 5.711 milioi euro egin zituen salmentetan (+% 5,6), eta nazioartean egindako salmentak % 63ra izatera iritsi zen. Ugaritu egin dira atzerriko ezarpenak, jada 77 dira, Korporazioa Europan finkatu egin da eta sendotzen ari da gora datozen Txina, Brasil, India eta Errusia bezalako herrialdeetan.

2011
01/09/2011

2011

2011

MONDRAGONek nazioartekotzean sakondu zuen; urte honetan ere nazioartean gauzatutako salmentek eragin zuten industria arloan. Ekainean, Oronak bere instalazio berriak eraikitzeari ekin zion. Galarretan, Hernaniko sarreran eraikiko den Orona Ideo Innovation City gunean bat egingo dute eta elkarrekin garatuko dira enpresa, unibertsitate eta ikerketa jarduerak.
Irailaren 28an MONDRAGONen XI. Kongresuak –650 lagunez osatua–, aho batez onartu zuen 2013-2016 Politika Sozioenpresariala. Plan horretan, honako xede hau jarri dio Korporazioak bere buruari: gure enpresa sarea eraldatzea, balio erantsiko enplegua sortzeko, kooperatiba alorrekoa. Erronkak aldaketa sakonak eskatuko ditu, negozioen dimentsioa merkatu globalera egokitzea, gorabidean dauden merkatuetara orientatzea, aliantza estrategikoen garapen posiblea, hazteko aukera gutxien duten jarduerak birbideratzea, eta irmotasunez proiektu integral korporatiboak garatzearen alde egitea.

2012
01/09/2012

2012

2012

MONDRAGON Esperientzia Kooperatiboak lanean jarraitzen du urte zail bezain garrantzitsu honetan. Urte berezia, Kooperatiben Nazioarteko Urtea den hau aukera ezin hobea eskaintzen baitio MONDRAGON Korporazioari bere eredu berezia ezagutzera emateko. Munduaren aurrean den bezala azaltzeko, egitate sozio-enpresarial kooperatiboa, mundu osoan zabaldua, lehiakorra eta berritzailea. Bere konpromisoan oinarrituta, MONDRAGON urtearen bultzatzailea da, Nazio Batuen Erakundearen Aholku Batzordean partaide. Pauline Green Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren presidenteak TU Lankide aldizkarian azaldu du urtea: “2012 Kooperatiben Nazioarteko Urtea deitu izana oso inportantea da, ezin dugu aukera hau galdu. Milaka lagunek osatutako kooperatiba sarea eta kooperatibak bistan jarriko ditugu. Tokian tokiko, zein estatuetan eta mundu mailan presente diren kooperatibentzat urte garrantzitsua izango da. Kooperatibismo ikusgarri jartzeko estrategia garatu dugu, munduari zer den ooperatibismoa azaldu nahi diogu. Gure xedea mugimendu hau sendotzea, eta edukiz betetzea eta bultzatzea da. Horren bitartez, munduaren ekonomia garatu nahi dugu,…”.

2013
01/09/2013

2013

2013

Fagor Etxetresnen krisiak protagonizatutako ekitaldian bestelako albiste positiboak ere gertatu dira, hala nola Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak bat egitea, estatuan finantza erakundeen artean kaudimenik handienetakoa duen LABORAL Kutxa berriaz erditzeko.
Industria Arloan, nabarmentzekoak dira Oronaren berrikuntzaren hiria den Orona Ideo proiektuaren aurrerapena, Hernanin (Gipuzkoa); Fagor Ederlan, Copreci eta Batz kooperatiben 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak; edo Fagor Arrasateren eta Onapresen jarduerak bateratzea, txapa metalikoaren konformazio eta prozesaketako soluzioen katalogoa handitzeko.

2014
01/09/2014

2014

2014

Oro har, 2014ko ekitaldia aski ona izan zen, aurreko urtean baino salmenta maila pixka bat txikiagoarekin, baina inbertsio maila handiarekin, eta taldea osotasunean hartuta lanpostuak mantendu egin dira eta, are gehiago, beste batzuk sortu dira.
2014ko gertaera aipagarrien arloan, kooperatiba guztiek egindako ahaleginak azpimarratu daitezke, Fagor Etxetresnetako krisiak kaltetutako bazkideak birkokatzen saiatzeko. Elkartasunerako ahaleginak ez dauka aurrekaririk, eta kooperatiba guztien inplikazioa eta pertsona asko koordinatzeko lana behar izan da, horri esker lortu ahal izan baita eragindako 1.900 bazkideetatik %90ek dagoeneko enplegurako irtenbide bat izatea.

2015
01/09/2015

2015

2015

Ikuspegi instituzionaletik, 2015a hurrengo Kongresuaren ataria izanda eta urtean zehar biziki landu dira bertan eztabaidatuko diren ponentzia bien edukiak: Etorkizuneko MONDRAGON eta 2017/2020 Politika Sozioenpresariala.
2015a ekitaldi positiboa izan dela talderako, aurrerapen garrantzitsuak egin baitira bai salmentetan bai emaitzetan. Gainera, kooperatiba batzuetan langabezia estrukturalean dauden bazkideei erantzuna ematen jarraitu da. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da Industria arloak izan duen bilakaera, ekitaldian zehar 1.200 enplegu berri baino pixka bat gehiago sortzera iritsi baita.