1979an Lagun Aro langabezia estaltzeko helburua zuen prestazio berria eta pentsionistek Batzar Nagusian ordezkaritza izateko aukera aztertzen ari zen. Azpimarratu behar da Lagun Arok eta Euskadiko Kutxak, ageriagerikoa den finantza esparruan ez ezik, ekonomi eremuan ere eragin zutela; izan ere, kooperatiben emaitzentzat laguntza handia izan zen haiek eskaintzen zieten babesa.
Krisiak jotako urte zail honetan, MONDRAGON kooperatiben esportazioak izugarri hazi ziren: esportazioak gutxi gorabehera 53,5 milioi eurora (8.900 milioi pezeta) iritsi ziren eta, beraz, % 54tik gorako hazkundea izan zuten, nahiz ehuneko hori testuinguruan jartzeko kontuan izan behar den abiapuntua apala izan zela (35,3 milioi €, 5.884 milioi pezeta).
Ikaztegietako Hertell kooperatiba sartu zen Taldean. Enpresa horrek ponpak eta depresoreak egiten zituen nekazaritzarako. Une horretan, Taldeko industri kooperatiben % 90 Euskal Autonomia Erkidegoko bi lurraldetan zeuden kokatuta, Gipuzkoan eta Bizkaian, zehazki.