Korporazioko kooperatiben salmentek beste mugarri bat ezarri zuten, 200.000 milioi pezetaren muga, 1.200 milioi euroren muga gainditu zuten. Halaber, esportazioek beste zifra borobila erdietsi zuten: 240 milioi euro (40.000 milioi pezeta). Era berean, esan behar da Ikerlan punta-puntako teknologia izatea eskatzen zuten nazioarteko hainbat proiektutan zegoela sartuta, Comet, Sprint eta Esprit programa komunitarioetan hain zuzen ere.Ideko Ikerketa eta Garapen Zentroa sortu zen, informatika bitartekorik aurreratuenekin eta 1,6 milioi euro (270 milioi pezeta) inbertituz. Fagorreko Batzar Nagusiak Fabrelec –egun Edesa– elkartzea onartu zuen. Danobatek eta Soralucek makina erremintaren sektorean izandako eskaerarik handiena lortu zuten elkarrekin. Izan ere, Txekoslovakiako Agrocet enpresarentzat 80 metro luze zen eta 9,38 milioi euro balio zuen fabrikazio linea ekoiztu zuten. Era berean, OnaPres kooperatibak ekialdeko Alemaniara 960.000 euro balio zuten bi prentsa hidrauliko saldu zituen. Orklik etxeko tresna elektriko txikien sektoreari eta banaketa makina industrialen fabrikatzaileei zuzenduriko elektrobalbulen produkzioari ekin zion.