IKUSI GURE HISTORIA OSOA
Toda la historia
1956
1956ko apirilaren hamalaua zen, arrasatear askok isilean eta kontu handiz Bigarren Errepublikaren hogeita bosgarren urteurrena ospatzen zuten On Jose Maria Arizmendiarrietak Ulgorreko lehen harria bedeinkatzen zuenean. Izena bera, sortzaileen abizenen lehen hizkiekin osatu zen: Luis Usatorre, Jesus Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, Jose Maria Ormaetxea eta Jabier Ortubai.
Hitzaurrean Jesus Larrañagak gogoratzen digun legez, ia hiru urte itxoin behar izan zuten Talleres Ulgorren lehen estatutuak onartuak izan arte, hain zuzen 1959ko maiatzera arte.
Egun hartan, Laxarteko lursailera joateko On Jose Maria eta Ormaetxea oinez abiatu ziren egun Mondragon Eskola Politeknikoa bilakatu den Lanbide Eskolaren erakin zaharretik. Erositako orubea 27 € zentimo (45 pezeta) metro karratuko ordaindu zuten. Ormaetxeak lursaila pausoka neurtu zuen. Bedeinkapena egin eta hamabost egun geroago MONDRAGON Ereduaren lehen produkzio plantaren eraikitze lanak hasi ziren: 750 metro karratuko hormigoizko pabilioia, bi solairutan banatua.
1957
Lanbide Heziketarako ikasketak Lan Ministeriotik Hezkuntza eta Zientzia Ministerioren agintaritzapera pasatu zirenean egun eta aukera handia izan zen Lanbide Eskolarentzat –egun Mondragon Eskola Politeknikoa–; izan ere, Lanbide Heziketaren irakaskuntza arautu egin zen eta balio ofiziala eman zitzaion.
Eskolak lehen aldi honetan honako babesle hauek zituen: Hezkuntza Ministerioa, Probintziako Diputazioa, Merkataritza Ganbera, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Oñatiko Udalak, eskualdeko enpresak, gurasoak eta bazkideak.
1958
Urte amaieran, Lan Ministerioak kooperatibistak Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorretik kanpo utzi zituen. Erabaki horren ondorio kaltegarriak zuzentze aldera sortu zen Lagun Aro, Borondatezko Gizarte Aurrikuspenerako Entitatea.Lagun Aro, beraz, babesik gabeko egoerari kooperatibek emandako erantzunaren ondorioa da.
Urte honetan hain zuzen ere, Lanbide Eskolako emakumezko lehen promozioak ikasketak hasi zituen. Aldi berean, bereziki emakumezkoei zuzenduriko kimikako espezialitatea irakasteari ekin zitzaion.
Emakumezkoaren prestakuntzari buruz, On Jose Mariak hauxe zioen: “Hutsegite handia da emakumea lanbide heziketan oro har baztertua izatea, eta birmoldaketa prozesuetan eta prestakuntza iraunkorrean
parte hartzeko aukerarik gabe uztea, eta gaur egun desegokitzat jotzen duten lanbideetan lekua eman behar zaie”.
1959
Oraindik hasi berri zen kooperatiba mugimenduaren baitan MONDRAGON ereduaren oinarrietako bat sortu zen: urte honetan, On Jose Maria Arizmendiarrietak Caja Laboral Popular/Lankide Aurrezkia asmatu zuen.
Caja Laboral Popular/Lankide Aurrezkiak, oinarrizko kooperatibek ez bezala, osaera mistoa du sozietate organoetan, hauek bazkide langileekin batera kooperatiba elkartuen ordezkariek osatzen baitituzte. Euskadiko Kutxak berezkoa du, sorrera beretik, supraegiturazko izaera eta honen ondorioz kooperatiben ordezkariek elkartearen organoetan gehiengoa dute.
Hogei urte baino gehiagoan kooperatibek beren kapital sozialaren % 25ekin abalatu zuten kreditu entitate berriaren eragiketa guztiak. Halaber, lehen urte horietan Lagun Arok bere finantza erreserba guztiak Lankide Aurrezkian gorde zituen.
1960
Lanbide Eskola hogeita bat ikaslerekin hasi zuen bere ibilbidea 1943-1944 ikasturtean. Dagoeneko 300 baino gehiago ditu, eta kopuru hori jada garrantzitsua da lanbide heziketan. Beste erakunde asko bezala, hau ere batik bat On Jose Mariak eraginda sortu zen; Eskola bere proiekturik kuttunenetakoa zuen, horren bitartez gauzatzen baitzen hain berea zuen eta hainbeste esaten zuen…
ideia: “ezagutza sozializatuta demokratizatzen da egiazki boterea”.
Urte honetan sortu zen Cooperación aldizkaria, geroago T.U. (Trabajo y Unión) izena hartuko zuena ; egungo T.U. Lankide albistaria.
Arrasateko Ferrerías kaleko lokal apal batean Caja Laboral Popular/Lankide Aurrezkiak bere lehen sukurtsala zabaldu zuen. Handik gutxira, bulegoa orain kokatuta dagoen lekura aldatu zen, Jose Maria Resusta kalearen 27ra –egungo Iturriotz kalea–, hain zuzen ere. Hasierako garai hartan, libreta edo maleta leloa oso ezaguna egin zen, kooperatiben garapenerako eta, oro har, Euskal Herriaren garapenerako, aurrezkien inbertsioak zuen garrantzia azpimarratzeko.
1961
Ebakitzeko eta enbutitzeko trokelak egiteari utzi gabe eta langileen eskarmentuan eta gaitasun teknikoan oinarrituta, Arrasatek gorputz metalikoentzako (hozkailuak, garbigailuak eta abar) transfer lineak fabrikatzeari ekin zion eta geroago hodi makinak, perfilatzeko makinak, prentsa eszentrikoak eta zizailak ekoizten hasi zen.
Arrasate kooperatibak bere produktuak Taci (Talleres Arrasate Cooperativa Industrial) markarekin komertzializatu zituen. Geroago, gaur egungo izena hartu zuen, hau da, Fagor Arrasate .
Hamarkada honetan Ulgor eta Arrasate buru zirela, kooperatibak garatu eta finkatu egin ziren; gainera, diktaduraren ekonomi politikaren babes neurriek barneko erkatua oso eskuragarri jarri zuten.
1962
Aretxabaletako sukurtsala zabaltzea izan zen Caja Laboral Popular/ Lankide Aurrezkia (Euskadiko Kutxa) izan duen hedapenaren lehen urratsa. Arrasatetik irten eta inguruko herrietan koipea bezala zabaldu zen. Aldi berean, Euskadiko Kutxaren Enpresa Dibisioa sortu zen eta baita Copreci, Ederlan eta Lana industri kooperatibak ere.
Ulgorrek bere hedapena jarraitu zuen eta otsailaren zortzian, herriko eta probintziako agintariak bertan zirela, selenioaren erdieroaleok fabrikatzeko instalazio berriak inauguratu zituen.
Egun horretan bertan, Ulgorrek prestakuntzan aurreikusitakoa baino bi bider gehiago inbertitzen zuela ezagutzera eman zen, eta hori garaiko kronista baten arabera kezkagarria omenzen. Era berean, dauden dokumentuetan ikus daitekeenez, kooperatibetako kolektiboak oso sentsibilizatuta zeuden laneko gaixotasun eta istripuen ondoriozko absentismo gaietan.
1963
1963an honela teorizatzen zen Demokraziari buruz: “Kooperatiba mugimenduaren arauetako bat Demokrazia da. Demokrazia bakoitzaren interesak taldearekin konjugatzeko metodo eta prozeduratzat hartu behar da. Ezagutza sozializatu egin behar da boterea eraginkortasunez demokratizatu ahal izateko”..
Euskadiko Kutxak bere Batzar Nagusia egin zuen martxoan. Hogeiren bat kooperatiba elkarturen ordezkariak parte hartu zuten Batzarrean, eta horrek Euskadiko Kutxa kooperatiben kooperatiba zela ezin baino argiago adierazi zuen.
Aurrezpenaren itzulketa oso faktore eraginkorra gertatu zen aurreztailea sentsibilizatzeko, batez ere Euskadiko Kutxaren lehen urte haietan. Eta ez zen kasualitatea izan Oñatiko sukurtsala
zabaltzeko Maiatzaren Lehena, langileen eguna alegia, aukeratu izana.
1964
Kooperatiben artean elkarri laguntzeko mugimendua sendotzen zihoan eta urte honetan Esperientziaren egitura nagusi bat gorpuztu zen: Leintz Bailarako kooperatibak biltzen zituen Ularco kooperatiba saila sortu zen. Hazi horretatik garatuko da Grupo Cooperativo Mondragón eta horren ondoren Mondragón Corporacion Cooperativa, egungo MONDRAGON korporazioa.
Hain urruti ikusten dugun 1964. urte hartan, bitartekoak eguneratzea hizpide genuen: “gure helburu eta plan kooperatiboak babestuko dituzten erakundeak garatu behar ditugu, hau da, gure ikuspegi sozial eta ekonomikoarekin bat etorriko diren erakundeak. Kooperatiba mugimendua fenomeno iragankorra izango da gizarte osoan zabaltzen eta garatzen ez bada”.
Jada mila ikasle ziren Lanbide Eskola Politeknikoan. Urte honetan Irizar eta Miba kooperatibak taldean sartu ziren.
1965
Ulgor banatzeko planaren baitan, Elektronika Dibisioa Fagor Electrónica, S.C.I. kooperatiba bilakatu zen. Horrekin jada bost ziren Ularco Kooperatiba sailean elkarturik zeuden kooperatibak. Eta hori errealitate emankorra zen 1966. urtearen atarian.
Coprecin istripua gertatu zen. Hona hemen garai horretako parte bitxi bat, ondorio eta guzti: “Fresatzeko makinaren ardatza martxan zela garbitzen ari zen eta xafla trapuan trabatu zitzaion; ondorioz, eskua harrapatu eta lesioa sortu zion. Konklusioa: langilearen erruz gertatutako istripua izan zen, garbitzen hasi aurretik makina gelditu ez zuelako”.
40.000 metro karratuko lursailean, lturripeko zelaietan, Lanbide Eskola Politeknikoak bere eraikin berria eta kiroldegia inauguratu zituen.
1966
Maiatzean, Euskadiko Kutxak Gernika, Eibar eta Legazpiko bulegoak ireki zituen. Horrela, hogeita lau sukurtsal zituen zerbitzuan eta hogeita hamasei kooperatiba elkartzen zituen bere baitan.
Ekitaldi honetan kooperatiben salmenta osoak 18 milioi euro baino pixka bat gehiagora (3.000 milioi pezeta) iritsi ziren eta esportazioari dagokion atala 312.500 eurorekin (52 milioi pezeta) estreinatu zen. Gisa honetan ekin zioten MONDRAGON kooperatibek nazioarteko merkatuetara zabaltzeari eta urte honetatik aurrera aldagai honen bilakaera salmenta guztiena baino dezente arinagoa izan da.
Danok Bat, egun Danobat dena, makinaerreminten sektorean punta-puntakoa, kooperatiba bilakatu zen, eta Fagor Electronica eta Tajo taldean sartu ziren.
1967
Asistentzia eta aurreikuspenerako sistema eguneratu zen. Horrela bada, Gizarte Aurreikuspenerako Zerbitzua jarri zen abian, Lagun Aro mutualista egitura berria. Horretarako kontuan hartu ziren, besteak beste, esperientziak eta Gizarte Segurantzaren esparruan buruturiko legeria sozialaren bilakaerak eskatzen zituen eraldaketak.
1967. urtean zehar gaur egungo Lagun Aro sistema eratu zen, nahiz eta oraindik Euskadiko Kutxaren baitan jarraitu zuen, honen Gizarte Aurreikuspen Zerbitzu gisa.
Urte honetan bertan, Impreci elkartu zen –gaur egun Fagor Ederlan kooperatibaren barruan da–. Ekitaldi honetan kooperatiben langileriak % 17,6ko igoera izan zuen.
1968
Lagun Aroren estatutuak onartu zituen Euskadiko Kutxaren Ezohiko Batzar Nagusiak. Horrek era ezin argiagoan, bazkide kooperatibistak epe labur edo luzean kooperatibei edo eta bazkideei eragin ziezaieketen arazo sozial eta ekonomikoei aurre egiteko heldutasun handia zutela adierazten du.
Uztailaren 15eko BOE Aldizkari Ofizialean kaleratu zen Dekretuaren bidez, Lanbide Eskola Politeknikoari –egun Mondragon Eskola Politeknikoa– Estatuko Erdi Mailako Irakaskuntza Teknikoko izaera onartu zitzaion; hau da, Ingeniaritza Teknikoa emateko gaitasuna onartu zitzaion.
MONDRAGON kooperatibetan bazkide diren langileak 6.000 baino gehiago ziren jada. Salmenta osoen kopurua 24 milioi eurotik gorakoa zen eta urte honetan Amat –egun Fagor Ederlanen baitan–, Coinma, Danona, Tolsan, Orona eta Goiti elkartu ziren.
1969
Espainiak Europako Merkatu Bateratuarekin lehentasunezko akordioa izenpetzear zuen, integrazio osoaren atari gisa. Gure kooperatibek, egoera berriak ekarriko zituen ondorioez jabetuta, garapen autonomoaren bitartez edo beste enpresa edo finantza entitateekin elkarrekin egoera finkatzera behartuta ikusi zuten bere burua.
Alkargo, T. Ochandiano –gaur egun Rochman–, Batz, Coinma, Eredu, Biurrarena, Matz-Erreka, Egurko eta Elkar elkartu egin ziren.
Oronak jada ehun bazkide baino gehiago zituen eta igogailuak ekoizteko fabrika berria eraikitzeari ekin zion. Bide beretik, Alecop bulegoak eta tailerrak kokatzeko pabilioi berria eraikitzen hasi zen, Eskolaren ondoko lursailetan.
Comerco sortu zen, hurrengo urtean Eroski izena hartuko zuena. Kooperatiba honek lan bazkideak eta bazkide kontsumitzaileak batzen ditu eta kontsumoko bost kooperatibak bat egitearen ondorioz sortu zen.
1970
Mondragon Eskola Politeknikoaren Ekitaldi Aretoan, Fagor-Mercier txirrindulari taldea aurkeztu zitzaien komunikabideei eta kirol jardueren gestoreei. Garaiko txirrindulari ospetsuak korritzen zuten Fagor talde honetan, hala nola, Luis Ocaña, Stephen Roche, Txomin Perurena edo Luis Otañok. Txirrindulari taldea 80ko hamarkadan desagertu zen.
MONDRAGON kooperatibek 9.000 bazkidetik gora zituzten eta urte honetan Azpeitiko Zubiola kooperatiba elkartu zitzaien, formalitate guztiak beteta.
1970ean TU Lankide aldizkariko kolaboratzaile batek lan ardueran ordenagailuak sartzen hasiak zirela eta alderdi teknikoak giza alderdiaren aldean geroz eta indar handiagoa izango zuela iragarri zuen, hau da, kolonizazio teknikoa zetorrela.
1971
Euskadiko Kutxak, jada, 100.000 aurreztaile baino gehiago zituen. Kopuru hori sinbolikoa bada ere, ondotxo adierazten du gure kreditu kooperatibaren sendotze bizkorra.
Urte horretan, zuzendari nagusiak Bazkideen Batzarrean aurkeztu zuen txostenaren arabera, Euskadiko Kutxan gordetako aurrezkiek % 50eko igoera izan zuten 1970eko amaieran metaturiko kopuruarekin alderatuz gero. Ekitaldi berean, bankaren alorrean oro har hazkundea % 22koa izan zen, eta aurrezki kutxen alorrean % 19koa.
Euskadiko Kutxa ez bezala, kooperatiba elkartuek hazkunde apalagoa izan zuten: % 14koa. Dena den, kontuan izan behar da urte honetan Industri Produktu Gordinak ez zuela hazkunderik izan. Beraz, kooperatiba elkartuen ekitaldia apartekoa izan zela esan daiteke, industriak oro har bizi zuen motelaldia kontuan hartuta.
1972
Nazioarteko lehiaketan parte hartuta, Arrasate kooperatibak Libian hobi soldatuak fabrikatzera zuzenduko zen produkzio planta baten instalazioa giltza eskura eran egiteko kontratua irabazi zuen. Kontratua Tripolin (Libia) sinatu zen. Lantegiak 17.000 metro karratuko azalera zuen eta 4.800.000 euroko aurrekontua (800 milioi pezeta).
Eroski kooperatibak jada 32 saltoki eta 17.000 bazkide kontsumitzaile zituen eta salmentek hazkunde handia izan zuten. Salmenten hazkundea elikagaiak ez zirenek eragin zuten, bereziki.
Azpimarratzekoa da, bestalde, Kooperatiba guztiak kontuan hartuta, pertsona bakoitzeko salmenten zenbatekoa 6.000 euro (1.000.000 pezeta) ingurukoa zela 1972an. Kopurua esanguratsua da, are gehiago kooperatibetako lan jarduna astean 45 ordura egokitu berria zelako. Gaur egungo irizpideen arabera ordu asko dira, baina joan den mendeko 70eko hamarkadaren hasiera haietan 45 orduko lan astea aurrerapauso handia zen.
1973
Euskadiko Kutxari elkarturiko kooperatiben salmentak 72,12 milioi eurokoak (12.000 milioi pezeta) izan ziren eta 11.600 bazkidez osatutako plantila zuten. Horrek alderdi guztietan izugarri aurreratu zela adierazten du eta, halaber, gestio eta parte hartze demokratikorako bide berriak bideragarriak zirela erakusten zuen.
Lagun Aro, Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Entitatea, bigarren mailako kooperatiba izaerarekin eratu zen. Aldi berean, Bergarako Doiki enpresa elkartu zitzaigun. alaber, urte honetan Ikerlan Teknologia Ikerketa Zentroa sortzeko bideari ekin zitzaion.
1974
“Berrogeita hamar urte iraun duen aroaren amaiera bizitzen ari gara, neokapitalismoaren aldia, eta era berean berregokitze zorrotzen garaian sartzen ari gara. Horrek sufrimendu eta zoritxarrak eragingo ditu, nahitaez. Krisi honetatik sortuko den mundua hirurogeiko hamarkadakoaren ezberdina izango da, azken hori gerrate arteko gizartearen ezberdina zen bezala…”..
Hori zioskun Geoffrey Barraclough historialariak, eta nazio garatuak krisialdirik larrienean sartzeko prestatzen hasi ziren, baita MONDRAGON kooperatibak ere…
Euskadiko Kutxak bere egoitza nagusi berria inauguratu zuen Arrasateko Olandixoko magalean, egun Jose Maria Arizmendiarrieta pasealekua denean. Mendi horretan kokatzen zuen herensuge mitikoari buruzko kondairak dragoiaren bizilekua, eta hor eraiki zen Esperientzia kooperatiboaren eraikin esanguratsu hau eta ondoren beste batzuk. Elkartzeko kontratua sinatu zuten Markinako Eika eta Lekeitioko Lealde kooperatibek.
1975
1974an hasitako krisiak hainbat kooperatibari zailtasun eta estutasun handiak eragin bazizkien ere, enpresa elkartu guztiak kontuan izanda, enplegua igo egin zen. Kooperatiben arteko elkartasuna eta elkar laguntza, Euskadiko Kutxaren eskuzabaltasuna eta, finean, Elkartasuna dira MONDRAGONen bitartekorik garrantzitsuenak koiuntura zail eta zalantzakorrei aurre egiteko.
Elkartasuna ahaleginean, baina erantzukizunezko Elkartasuna, On Jose Mariaren hitzek dioten bezala: “Beharra duen inor ere ez da bazterrean utzi behar, baina, halaber, ez dira berdin babestu behar diligentziaz eta aurreikusiz jokatzen duena eta arduragabe jokatzen duena”.
Euskadiko Kutxak eta hainbat kooperatibak lankidetzarako hitzarmenak itxi zituzten Ikerlan Ikerketa Teknologikoetarako Zentroarekin. Ulgorrek Esportazioaren Liderraren saria jaso zuen, bere teknologi halmenaren eta produktuen kalitatearen aitorpen gisa.
1976
On Jose Maria Arizmendiarrieta 1976ko azaroaren 29an hil zen. Hil aurretik honako mezu hau utzi zigun:“Atzera begiratzea Jaungoikoa iraintzea da, aurrera begiratu behar da beti”. Jose Maria Arizmendiarrieta markinarra zen eta apaiz egin berria, 1941ean Arrasatera heldu zen.
Hau zuen bere lehen destinoa apaiz moduan eta bakarra bilakatu zen. Ondorengoak bere bizitzako mugarri batzuk dituzue:
1956. On Jose Mariak Ulgorren lehen harria bedeinkatu zuen.
1959. On Jose Mariaren eraginez Euskadiko Kutxa sortu zen, kooperatiben garapenerako oinarria.
1966. Romero Gorria Lan ministroak lanaren domina eman zion.
1968. Bularreko angina amagoa izan zuen, horren ondorioz laguntzaileek bere bizikleta zahar bezain famatua ezkutatu eta Velosolex motozikleta batez aldatu zioten.
1977
“Etorkizun hurbila latza eta gogorra izango da eta gure indarra bidea elkarrekin egiteko borondatean datza, hau da, Taldea osatzean, bakoitzaren interesak guztien interesetara egokitzeak eskatzen duen guztiarekin”. Euskadiko Kutxaren Urteko Txostenaren hitzaurrean idatzi ziren hitzak dira; esan beharra dago ekitaldi horretan Euskadiko Kutxak sukurtsal berriak inauguratu zituela Donostian, Gasteizen, Pasai Antxon, Erandion eta Santutxun.
Ekonomian laino beltzak izan arren eta krisiaren larrian, 1977an Taldeak gorakada handia izan zuen: aurreko ekitaldiarekin alderatuz gero, salmentak % 37 hazi ziren eta 198 milioi euro (32.943 milioi pezeta) fakturatu ziren. Gipuzkoako Latz, Kendu eta Dikar kooperatibak eta Gasteizko Aurrenak enpresa taldean sartu ziren. Adierazgarria denez, esan beharra dago 1963tik 1977ra bitartean bizitzaren kostua urtero % 9,56 hazi zela eta gure urrerakinak, batez beste, urteko % 15,49 gehitu ziren. Beraz, aurrerakinak 5,93 puntu handiagoak izan ziren urtez urte, eta horrek hamalau urteren buruan eros ahalmena bikoiztea eragin zuen.
1978
1978an kooperatibek Ikerlan Ikerketa Teknologikoetarako Zentroari eskaturiko lan espezifikoek zentroaren jarduera osoaren % 25 osatu zuten, eta aipatutako proiektuak Taldeko 12 kooperatibarentzat egin ziren.
Irizar eta Alecop kooperatibek aurrerapauso handia eman zuten kanpoko merkatuan. Gela eta lantegi mugikor gisa erabiltzeko 40 kamioi karrozatu eta ekipatu zituzten Venezuelako errepublikarentzat. Karrozeria Irizarrek egin zuen eta gehienbat ikaslez osaturik dagoen Alecop kooperatibak ekipamendu didaktikoa egin zuen. Honako hiru kooperatiba hauek Taldean sartu ziren: Aulestiko Herriola, Ondarroako Kide eta Trapagako Ona-Pres. Azpimarratzekoa da urte honetan sortu zirela Goilan eta Orbide talde elkarteak. Goilan taldeak, Ederfil, Eredu, Irizar, Kendu eta Orkli kooperatibak hartzen zituen bere baitan, eta Berriola, Latz, Orona eta Vicon kooperatibek Orbide Taldea osatu zuten. Elkarketak oraindik eskualde mailakoak ziren, baina behar berriek kooperatibak sektore taldeetan biltzera eramango zituen.
1979
1979an Lagun Aro langabezia estaltzeko helburua zuen prestazio berria eta pentsionistek Batzar Nagusian ordezkaritza izateko aukera aztertzen ari zen. Azpimarratu behar da Lagun Arok eta Euskadiko Kutxak, ageriagerikoa den finantza esparruan ez ezik, ekonomi eremuan ere eragin zutela; izan ere, kooperatiben emaitzentzat laguntza handia izan zen haiek eskaintzen zieten babesa.
Krisiak jotako urte zail honetan, MONDRAGON kooperatiben esportazioak izugarri hazi ziren: esportazioak gutxi gorabehera 53,5 milioi eurora (8.900 milioi pezeta) iritsi ziren eta, beraz, % 54tik gorako hazkundea izan zuten, nahiz ehuneko hori testuinguruan jartzeko kontuan izan behar den abiapuntua apala izan zela (35,3 milioi €, 5.884 milioi pezeta).
Ikaztegietako Hertell kooperatiba sartu zen Taldean. Enpresa horrek ponpak eta depresoreak egiten zituen nekazaritzarako. Une horretan, Taldeko industri kooperatiben % 90 Euskal Autonomia Erkidegoko bi lurraldetan zeuden kokatuta, Gipuzkoan eta Bizkaian, zehazki.
1980
Eusko Legebiltzarra aukeratu zen eta Eusko Jaurlaritza berria osatu; Jaurlaritzak autonomia aurreko Eusko Kontseilu Nagusiaren egiturak bereganatu zituen eta autogobernuaren garapenari ekin zion, Sailak eta egiturak sortuz. Demokrazia osatzeko urrats garrantzitsua izan zen.
Gero eta globalizatuagoak ziren merkatuetan lehiakortasuna lortzeko ezinbesteko alderdia produktibitatea izanik, termino errealetan gutxi gorabehera % 6ko hazkundea izan zen gure kooperatibetan, eta horrek emaitzetan eskulanaren eragina gutxitzeko bidea eman zuen. Horrekin batera, MONDRAGON taldeko kooperatibetan 400 lanpostu berri sortu ziren, kopuru garrantzitsua krisi garaia kontuan izanda.
Eroskik hamarkada berria 100.000 bazkide kontsumitzailerekin hasi zuen; hori Euskal Autonomia Erkidegoko familia guztien % 15a zen. Kopuru esanguratsua, zalantzarik gabe.Urkide taldea sortu zen, Azpeitia-Zumaia inguruko kooperatibek osatua: Danona, Egurko, Leioa eta Zubiola.
1981
Urte honetan MONDRAGON kooperatibek 25 urte bete zituzten. Urtemuga sinboliko horrek egindakoari buruz balantzea egitera gonbidatzen du. Euskadiko Kutxak 114 sukurtsal eta Hartzekodun Baliabideetan 383,56 milioi € (63.812 milioi pezeta) zituen; baliabideok ekitaldian 74,45 milioi eurorekin (12.387 milioi pezeta) gehitu ziren, hau da, % 24ko hazkunde erlatiboa izan zuten.
Industri alorreko kooperatiben salmentek % 21eko hazkundea izan zuten eta 498,84 milioi € (83.000 milioi pezeta) fakturatu zuten. Eroski kooperatibak % 38ko hazkundea eta ia 90 milioi euroko (15.000 milioi pezeta) fakturazioa izan zuen. Urte honetan Gasteizko Hiperra ireki zuen, gisa honetako lehena, eta horrekin Eroskik dimentsio berri bati ekin zion.
1981. urtearen amaieran hamar ziren Eskualde mailako Taldeak: Debako Deba Barrenean, Goilan Goierrin, Indarko Mungian, Learko Lea-Artibain, Naeko Nafarroan, Nerbion Bilbon, Orbide Donostian, Urcoa Araban, Urkide Urolako bailaran eta Ularco Deba Garaian; azken talde honek 6.000 kooperatibista baino gehiago biltzen zituen.
1982
Demokrazia berreskuratu ondorengo Euskal Herriko giro politiko hartan, kooperatibismoari buruz esaten zen ezin zela sigla zehatz batez katalogatu,
hori bere oinarrien kontrako izango zelako, baina ingurune sozialistan kokatzeak zentzua izan zezakeela, betiere sozialismoa terminoa zentzu zabalenean eta garbienean hartuta: baliabideen…sozializazioa eta gestio, jabetza eta jakintzaren demokratizazioa.
…sozializazioa eta gestio, jabetza eta jakintzaren demokratizazioa.
Lan bazkideek beren irabaziak mugatzeari esker, pertsonal kostuak salmentetan zuen eragina ehuneneko puntu bat gutxitu ahal izan zen 1982an. Jarrera horren ondorioz, kooperatibetako lanpostuak finkatu ez ezik, 327 enplegu berri ere sortu ahal izan ziren.
Urte honetan Lenniz –egun Fagor Electrodomesticosen baitan–, Leunkor –Fagor Arrasateren baitan–, Orkli eta Ondoan kooperatibak sartu ziren taldean. Aldi berean, kooperatiben gaitasun teknologikoa sendotu egin zen, Ikerlan ikerketa aplikatuko zentroaren lanari esker.
1983
1983ko ekitaldiaren amaieran, Lagun Arok zituen aldagairik aipagarrienetako batzuk honako hauek ziren.
MONDRAGON Industri kooperatibek esportazioetan zuten heldutasuna begi-bistakoa gertatu zen, kanpoko komertzioan 144 milioi euro (24.000 milioi pezeta) inguruko bolumena izatea lortu baitzuten, eta esportazioek negozio osoaren% 28 suposatzen zuten.
Eroskik % 18ko hazkundea izan zuen, aurreko ekitaldiarekin alderatuz gero, eta salmenten kopurua 135,82 milioi eurotik (22.600 milioi pezeta) gorakoa izan zen.
1984
Urtearen hondarrean Euskadiko Kutxaren 25 urteurrena bete zen. Sortu ondorengo lehen urteetan Euskadiko Kutxak kooperatiben laguntza jaso bazuen ere, orain kooperatibak dira garaiz ezarri zen kreditu kooperatiba honen laguntza jasotzen dutenak; izan ere, Taldea sendotzeari begira guztiz eraginkorra izan baita.
MONDRAGON industri kooperatiben salmenten kopurua 727,22 euro (121.000 milioi pezeta) ingurukoa izan zen. Gehien esportatu zutenen artean Inbertsio Ondasunak eta Bitarteko Ondasunak ekoizten zituzten kooperatibak izan ziren.
Eroski kooperatibaren helburuetako bat enplegua sortzea izan da, eta urte hau 168 lanpostu berrirekin amaitu zuen eta guztira 1.246 bazkide zituen. Kooperatibak kontsumoaren inguruko ikerketari urtero ematen zaion saria jaso zuen Kontsumo Institutu Nazionalaren eskutik. Elkartu zitzaizkigun: Artxa, Etorki, Fagor Clima –egun Fagor Electrodomesticosen baitan–, Leroa –egun Danonan integratua–, eta Matriplast.
1985
1985eko martxoaren batean, Kooperatiben Talde Kontseilua eratu zen, Mondragon Corporacion Cooperativa, egungo MONDRAGON korporazioaren hazi edo enbrioi historikoa alegia.
Banaketa Sistemak finantzaturiko prestazioek berebiziko igoera izan zuten aurreko urteekin alderatuz gero. Azpimarratzekoa da osasun prestazioen kasua, urtean 6 milioi euro (1.000 milioi pezeta) baino gehiagoko kontsumoa izan baitzuen. Azken bost urteetan, Debako Taldeak egindako zenbakizko kontrolez ekipaturiko makinak % 5etik % 40ra pasa ziren. Agerikoa zen makinaerremintaren alorrean elektronikarik gabeko makinen salmenten beherakada. Egokitu behar horretan datza alor honek garaian bizi izan zuen krisiaren arrazoietako bat. Barrenetxek jada 800.000 m2 zituen tuneletan. Horietatik 50.000 Markina ingurukoak ziren. Urssa, bestalde, 170 tonako bi zubi garabiren euskarri egitura eraikitzen hasi zen Hidroelectrica Españolarentzat. Eroskik 180 milioi eurotik (30.000 milioi pezeta) gorako salmentak izan zituen, aurreko ekitaldiarekin alderatuz gero, % 14ko hazkundea beraz.